2015(e)ko urtarrilaren 25(a), igandea

KOLPEZ KOLPE

Abantoko Gazte Asanbladatik KOLPEZ KOLPE dinamikak martxan jarriko ditugu. Dinamika hauen bidez protesta segida bat abian jartzeko asmoa daukagu; gaur, gure herriak jasan behar dituen erasoei aurre egiteko. Dinamika hauek herriaren puntu desberdinetan egingo dira eta horietan eraso sexistak, arrazismoa, kapitalismoa, errepresioa eta bestelako jarduera menderatzaileei haginak erakutsiko dizkiegu.


Zenbait pausutan banatuko ditugu. Alde batetik, egoera zapaltzaileak identifikatuz joango gara eta haien inguruko analisia egin. Hau horrela idazki bat luzatuko diogu herriari mobilizazioetara deituz. Erasoa dagoen tokian kontzentrazioak antolatuko dira eta horietan gure analisia eta iritziak luzatuko ditugu. Bukatzeko eta gure aldarrikapenak ozen entzun daitezen, txalaparta joz, mezua zabalduko dugu. Gure intentzioa musikaren eta gure hitzen bidez sistema kolpatzea da.


Hau aurrera eramateko eta gure protestak entzun daitezen jendearen presentzia eta beste eragileen parte hartzea ezinbestekoa ikusten dugu. Kaleak bete nahi ditugu, gure amorrua eta ezinegona adierazi eta kapitalaren morroi den udaletxe honi eta haren lagun zitalei (Petrohorror, Kutxabank eta bestelako lapurketa antolakundeak, Guardia Zibila...) aldatzeko garaia dela erakutsi nahi diegu. Haien garaiak bukatu dira, Abanto aske bidean dago.


KOLPEZ KOLPE ondorio bat izan da, Abanto egoera kritiko batean dagoela uste dugu eta hura hondoratzen ari diren zamak kendu nahi ditugu. Gazteok herri libre batentzako hautua egin dugu zeinetan beldurrik gabe gure ideiak eta proposamenak aurrera atera ditzakegun, parekidetasunean bizi eta etorkizun bat izan dezakegun. Erabat libreki nahi dugu bizi, hazi, jolastu, maitatu, borrokatu; inolako mugarik eta zapalkuntzarik gabe, estereotipoak eta patriarkatua alde batera utzi nahi dugu,  gu geu nahi dugu izan.


Horretarako, datorren hilabetetan gure proiektua errealitate bihurtuko dugunean; zure indarra beharko dugu. Hurbildu zaitez kontzentrazioetara, parte hartu asanbladetan, antolatu zaitez. Eskubideak irabazi itzazu gurekin, emango ez dizkizute eta.



ZALDITERIA DABIL, GURE KONTRA GORA!
PAKE PIPA ERRETZEKO HAU EZ DA DENBORA!

ABANTOKO GAZTE ASANBLADA, KOLPEZ KOLPE!

0 iruzkinak:

Argitaratu iruzkina